Sindikalismo

Sindikalismoa Sindikatuen mugimendua da; sindikatuen gizarte-dotrina. Ekoizpen bideak antolaturiko langile taldeen kontrolpean edukitzearen aldekoa den dotrina ekonomikoa eta politikoa. Sindikalismoak langileriaren interesak gordetzea eta haien alde egitea du helburu. Sindikatuen higikundea industria iraultzaren ondorioz sortu zen, produkzio modu kapitalistak ezarritako lan baldintzei erantzun gisa. Ideologia politiko desberdinen eraginez multzo horietan laburbildu daitezkeen sindikalismo joerak sortu izan dira: sindikatu anarkosindikalistak, estatuaren ordez gizartean oinarrizko talde izango liratekeen sindikatuak ezartzearen aldekoak; komunistak, sindikatuak langileriaren diktadura ezartzeko tresnatzat hartzen dituztenak; sozialistak, ekoizpen bideak sozializatzearen aldekoak; kristauak, enpresaren baitan langileen eta enpresarien arteko elkarlana bultzatzearen aldekoak; eta Estatu Batuetan diren sindikatuak, sindikatu korporatibista deituak, sistema kapitalista onartzen dutenez, lanbide bereko langileak elkartzea beste baino helbururik ez dutenak.


© MMXXIII Rich X Search. We shall prevail. All rights reserved. Rich X Search